BIKTIMEN AGERIKOTASUNA, ETA BIKTIMA ERAILEN ESANAHI POLITIKOA
Ez da erraza izan, eta zaila da oraindik ere, Euskadiko gizarte, politika eta kultura bizitzan biktimen arazoa egokitzea. Gobernuan den nazionalismoak errealitate hori ezkutatzeko beharra sentitu du; zaila da bereiztea, alde batetik biktima erailak, eta bestetik erailen familiakoak izateagatik biktima direnak; gizartea larritu egiten da, biktimei buruz zer jokabide izan duen galdetzen zaionean; eta gobernuan den nazionalismoak, biktimen errealitatea ezkutatzen jarraitzea ezinezkoa zaionez, biktimei ezagutza eman bai, baina biktimen esanahi politikoa ezabatzeko ahalegina egiten du.
Biktimen familiakoak eurak izan dira —luzarora gizarte osoak eskertu beharko duen ahalegin eskerga eginez—, pauso garrantzitsuenak eman dituztenak, Euskadiko gizartean biktimak ikusgai egin ahal izateko. Euren antolakundeak erabiliz, ezinbesteko erreferentzia bihurtu dira, Euskadiko gizartearentzat eta politikarentzat.
Biktimak bistaratzeko prozesu horretan, gizarte antolakundeak espazioak eratuz joan dira. Horrela, biktimak oroitzeko beharra, biktimei zor zaien errespetua eta biktimen esanahi politikoa —batez ere biktima erailena—, pixkanaka, kontuan izan beharreko gizarte iritzi gisa gorpuztuz joan da. Ahalegin horretan, familiako biktimen antolakundeek eurek foroak eratu dituzte, eta herritar askok eman ahal izan dute iritzia foro horietan.
Orain, biktimen oroimenerako eta errespeturako gudu asko irabaziak diren honetan, gudu erabakigarria borrokatzea falta da: biktimen esanahi politikoa behin betiko ezartzeko gudua. Beharrezkoa da, banakako herritarrek ez ezik, familiako biktimek eurek hartzea hitza, euren funtsezko eginkizuna ezartzeko: gizartearen eta erakunde publikoen errespetua eta aitortza galdegiteaz gainera, eraildako biktimen esanahi politikoaren artekari izateko eginkizuna.
Familiako biktimen alde gizarteak egiten dituen ahalegin guztiak, erakunde publikoek egiten dituzten ahalegin guztiak, ez dute zentzurik, baldin horrekin biktimak behartzen badituzte ezkutu bihurtzera, egiaz biktima gisa ezarri zituen hura estaltzeraino: haien ahaideak erailtzearen asmo politikoa, haiek familiako biktima izatera behartu zituen asmo politikoa.
Biktimak —erailak eta familiakoak— bistaratzeko prozesua, aurrera jarraitu behar duen prozesua da. Beharrezkoa da, familiako biktimez hitz egitea ez ezik, eurek har dezatela hitza, hitz egin dezatela euren egoeraz, bizi izan dutenaz, biktima erailak eta haien esanahi politikoa adierazte aldera duten zereginaz. Horrela, Euskadiko gizartearen eta haren oraintsuko historiaren ezagutza etikorako elementu bat eskainiko dute, Euskadiren etorkizuna proiektatzeko oinarri izan dadin.
Izan ere, biktimen agerikotasunak erailen esanahi politikoaren agerikotasun behar du izan; Euskadiko gizartearen etorkizuna definitzeko eran instituzionalizatuta geratu behar duen agerikotasuna. Familiako biktimak euren espazio pribatura itzuli ahal izan daitezen, ezinbestekoa da, aurrez, bermatuta izan dadila Euskadiko gizartearen etorkizun politikoa definitzean oinarritzat hartzen dela biktima erailen esanahi politikoaren errespetua eta oroimena. Hau da, ezinezko izan behar du haiek erailtzearen kausa izan zen proiektuak.
Alderdi politikoek esplikatu behar dute zein den euren jarrera, biktima erailen esanahi politikoaren oroimenari zor zaion errespetuari dagokionez; eta familiako biktimen eginkizun behinena da oroimen hori ageriko egitea. Ezin dira alderdi politikoak familiako biktimen hurbiltasun hutsean geratu (berdin dio hurbiltasun hori egiatia den edo ez), biktimen bidez ez baldin badira iristen biktima erail bakoitzarengan su eta gar (literalki) irarrita dagoen galderaraino: zilegi al da haiek erailtzeko kausatzat erabili zen proiektua?